XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nolabaiteko bushtarrak ginen .

Trenak, Bush herrialdean zehar ginderamatzan.

Azken hilabeteotan, eskualdeko bi tribuak gerlatan higatzen ziren, eta leihotik ikusten genituen arboletan, dilindan, gizagaizo urkatuen ugaritasunetik beretik, susma genezakeen borrokak aski gogorrak zirela.

Oraindik, erre usaina nabari zen, nahiz treneko aire kondizionatuak urrina doi bat arindu.

Halarik ere, ageri zen, gorputzak nonbait kixkailtzen ari zirela.

Zelai desolatuetan, noiztenka, haritz solteak mirets genezakeen.

Lehenago, liburuek zioten eran, lurra bere hariztien edertasunaz ezaguna zen, jakintsuen artean hasieran, eta gero berria hedatzen zen arabera, jende xeheen tartean.

Gure ondoan, jarria zen Bushtar bat negarrez urtu zen, bidaiari ezazol batek, haritzondo alargundua kolorezko argizkitan hartu zuelarik: - Ez duzue eskubiderik... Arima ebasten diguzue... Ments gelditu behar ote dugu?.

Horrenbeste hilotz jadanik, betiko egoitzarik gabe....

Ez daukazue deretxorik... Madarikatuak zarete, bosgarren belaunaldiraino....

Gizona ixildu zen.

Haserreak, ezpainak hagun zuri eta malgoz estali zizkion.

Gure konpartimenduan, laupabost europear zeuden.

Haientzat, ixil unea hainbat hobea zen, noski, bortizkeria telebixtan edo zinean begiratzea baizik ez zutelako onhartzen.

Baina, aurrean, sufritzen ari zen herrestaren oinazeen seinalerik ez zuten jakin nahi, sufrantza, eta, noski, sufrantzaren astuna, izurritea bezala, inguru bakartietan heda zitekeelako.

Halatan, aburu estremistenak, ahoak ireki gabe, entzuten ziren, moda katalogoetako manekino perfektoetaz aparteko bizitza errealik ez bailegon.

Hiri hautsi bat ireki zen, ortzaizean.

Etxeak, denak, nola balizkako ixtripu atomiko baten ondorioz, lurrean zeuden, mila pusketan xehekatuak.

Geltokia, gure trenak, arras emeki trabeskatu zuen, geltokiko buruzagiaren kopetan, odola perlatzen genekusanean.

Batek zion, algaraz, beldurra gordetzearren: - Bere ondar trena... - Ba... pasatuko da besterik ere....

Erantsi zuen, abilagoren batek.

Zirudien, Bushtarren herriaren suntsitzeak ez zietela den mendreneko axolarik ematen.

Zirudien, planetaren aldetik, populu anitzen desagertzea normala zela.

Abil harek, belaun gainean, bere maleta zabaldu zuen, eta Corriere della Sera irakurtzen hasi zen.

Minik ez zegoen, hauetarik bakoitzak aferen munduan murgiltzen ziren, urrearen kurtsoak, Txikagoko merkatuan, aztertzen, emazteak zein haurrak leku segur segurrean utzirik.

Betaurrekoak, noiztenka, laitzale segituari, sudurretan lerratzen zihoazkion; gestu mekanikoaz, prestuki, altxatzen zituen.

Trenbide ertzeko xendretan, famili osoak, lerroan, ihesean joan agertzen zitzaizkigun, ardura, nagusia buruan, eta aitonamonak umeekin, astiroago atzean.

Gosearen edo ur zikina edateren erruz, sabel hantuegiak erakusten zituzten.

Bagoieko emakume lotsatiek, arpegiak, mokanes usantsuaz kukutzen zituztenean, gizon tripazuriek: - Ze miseria!.

Oihukatzen zuten. Kokakola gizarteak, sosarekin batera, krixton konparazione boterea zeukan.

Bazekien, ona non zegoen, errentablea, produktiboa zein alorretan kokatzen zen, zein tokatu zitzaion loterian irabaztea ere, itsuskeriaren kriterio moralak oro gogoan zeuzkaten, gainera.

Eta miseria, itsusia zen, Jainkoaren gaztigu mota bat, gure herrian, langabetua izatea bezala, bekatoros zozial bilakatzearen marka.

Dena dela, ordinadoreekin, globoaren pillagea programatua zen.

Ordu bat aintzinago iragan tren batek erdibitu gorpuak, lur ustelduan, sakabanatuak ziren.